‘Gure herrietan lan eta bizi’ egitasmoaren bigarren saioa egin dute Areson

Taberna-denda martxan jartzea lehentasunezko proiektua dela erabaki dute Aresoko herritarrek eta eginahalak egiten ari dira aurrerapausoak emateko. Ekainaren 10ean egin zuten bigarren parte-hartze saioa eta jendetza bildu zen udaletxean. Mendialdeko aktibazio planaren baitan, Cederna Garalur elkartea lantzen ari den ‘Gure herrietan lan eta bizi’ egitasmoaren baitan kokatua dago proiektua eta Cederna Garalurreko Mendialdeko teknikarien eta Olatukoopeko ordezkariak bitartekaritza izanen dute. Proiektuari pixkanaka forma ematea adostu dute eta horretarako talde eragile bat sortzea.

Bileraren hasieran, Orexako ostatuko proiektua azaldu zuen Eneko Maiozek. Antzeko egoera bizi zuten Orexan eta udalak herriko ostatuaren aldeko apustua egin ondotik, herri kooperatiba osatzeko bidean dira. Enekoren ondotik, kudeaketa batzordeko kideek hartu zuten hitza. Taberna-denda jartzeko kokaleku posibleak jarri zituzten mahai gainean eta aurreko bileran atera ziren hiru aukera posible landu dituzte. Udaletxeko eraikinaren aldeko apustua egin dute eta nondik jo jakiteko, proiektuari forma ematea izango da hurrengo pausoa. Herritarrak izango dira zer nolako taberna-denda nahi duten erabakiko dutenak eta horretarako, talde eragile bat osatuko dute. Herritarrak, udaleko ordezkariak, Cederna Garalurreko teknikariak eta Olatukoopeko ordezkariak izango dira talde eragile horren partaide.