Pasa den asteburuan Lekunberrin egin zuen geldialdia Mendialdeko Azoka Ibiltariak eta asteburu honetan Leitzara iritsiko da. Apirilaren 21ean Arriben egin zuten denboraldiko lehenbiziko azoka eta herriz herriko martxarekin segiko dute udazkenean eta neguan ere.
Mendialdeko baserritar eta artisauek egindako sasoiko produktuak bultzatu, ikusarazi eta saltzea da azokaren helburua eta elikagaiez gain, eskulangileen hainbat postu ere izaten dira beti azoketan. Aurten, gainera, azoka eguna bestelako jarduera edo ekitaldiren batekin osatzen ari dira. Ekitaldiaren antolaketa lanetan Mendialdeko 10 udalek parte hartzen dute (Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Imotz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri), Cederna Garalur eta Plazaola Partzuergo Turistikoaren koordinazio teknikoarekin, eta Mendialdeko baserritarren elkartearen (HABELARTE) eta tokiko kontsumo taldeen (Araizko Zaporeak, LeitzEKO eta Bertatik Bertara Dinamika) laguntzarekin.
Bederatzi azoka eta jarduera osagarri
Bederatzi azoka eginen dituzte aurten eta dagoeneko bost egin dituzte. Irailaren 8an, Leitzan eginen dute eta hitzorduak Talo Egunarekin bat eginen du. Urriaren 13an aresoarren txanda izanen da eta Aresoko baserrien bueltan erakusketa jartzeko asmoa dute. Azaroaren 13an Jauntsaratsen (Basaburua) eginen dute azoka eta Gaztain Eguna ere ospatuko dute. Mendialdeko Azokaren bosgarren edizioari bukaera emateko, Betelun eginen dute azoka abenduaren 1ean eta udalerriuko adinekoei omenaldia eginen diete. Azoka guztiak igandean izanen dira, 11:00etatik 14:30era.