Ekainaren 18an Jauntsarasko Apeztegiberrin elkartu ziren Basaburua eta Imotzko herritarrak. Gure herrian lan eta bizi egitasmoko lehenbiziko bilera egin zuten eta herrian dituzten beharrak, nahiak… mahai gainean jartzeko baliagarria izan zen hitzordua. Etxebizitza falta, zaintza, zerbitzu falta… izan ziren aipatu zituzten kontuetako batzuk.
Mendialdeko aktibazio planaren baitan, herriz herri lantzen ari diren egitasmoa da eta Mimukaiko eta Olatukoopeko kideak ari dira bitartekari lanetan. Herritarrei hitza eman eta eraldaketarako giltza beraiek izatea da asmoa, elkarlanean herrietan lan eta bizitzeko aukerak sortzea.