Plazaola Partzuergo Turistikoak 30.urteurrena ospatu du

,

Egindako bidea errepasatu eta etorkizuneko erronkak izan zituzten hizpide urteurrena borobiltzeko egindako ekitaldian. Mendialdeko bederatzi udalek eta 112 enpresa eta autonomo dira partzuergoko kideak. 

Plazaola turismo partzuergoak hiru hamarkada bete izana ospatu zuten Larraungo Gabari Gune Irekian. Ehun pertsona inguruk parte hartu zuten ekitaldian. Ongietorriaren ondoren, Arkaitz Goikoetxea Arriola partzuergoko lehendakari eta Lekunberriko alkateak hitz egin du, partzuergoaren 30 urteko ibilbidea gogoratuz. Goikoetxeak eskerrak eman zizkien lan horretan lagundu duten pertsonei, baita 2022an onartutako erakundearen hainbat ildo estrategiko zehazteko parte hartze prozesuan ibilitakoei ere. 

Denboran atzera egin eta partzuergoaren hastapenak eta 90eko hamarkadan aurre egin beharreko erronkak zeintzuk izan ziren ere gogoratzeko tartea hartu zuten.

Aurrera begira
Segidan, iraganetik etorkizunera begira jarri eta Maitena Ezkutari Plazaola Partzuergo turirikoko gerenteak gidatutako mahai ingurua egin zuten. Bertan parte hartu zuten Ana Rivasek (Nafarroako Turismo zuzendari Nagusia), Iker Urcelayk (Basquetour Marketing Product manager), Arantxa Hernandez Coloradok (Vías Verdes FFEko kudeatzailea, Fundación Ferrocarriles Españoles), Ina Sorabillak (Lehendakari ohia eta Venta Muguiroko arduraduna), Mikel Armendarizek (Iruñeko Sustapen Ekonomikoko zinegotzia) eta Amaia Govillarrek (Mendukilo kobazuloko ordezkaria). Interes handiko lan-proposamenak egin zituzten bertan. Esate baterako, beste lurralde eta erakunde batzuekin Plazaola bide berdearen inguruan lan mahai bat sortzea, bereziki promozioa bultzatzeko.

Ekitaldian izan zen Rebeca Esnaola, kultura, kirol eta turismo kontseilaria.  Berak gogoratu zuen joan den udaberrian bukatu zirela Sarasa eta Iruñea arteko lanak, hau da, Plazaolako bide berdea berreskuratzeko azken zatia: «proiektua sendotzeko mugarria dena».

Omenaldia
Urteurren ekitaldia baliatu zuten partzuergoaren proiektuan sinetsi eta 1994an elkartu ziren pertsonei omenaldia eskaintzeko. 53 enpresa izan ziren erakunde hau sortu zutenak, tartean landetxeak, hotelak, kanpinak, jatetxeak, tabernak eta artisauak. Hasierako kide horiei opari bat eman zieten, eguzkilore bat eta diploma bat ere bai, komunitate horretan etengabe parte hartzeagatik. Gainera, opari hori bera eman zaie erakundean lan egin duten pertsonei. Gaur egun 112 kide daude eta horiei ere aitortza egin zieten. 

Ekitaldian zehar, eta bereziki mahai-ingurua amaitzean, Lorena Arangoa aktoreak, bere pertsonaiarik maiteenetako bat aurkeztu du, Jaxinta. Landa eremuan emakumeen nortasunetik eta indarretik edaten duen ikuskizuna.

Bide berdearen erabiltzaileak
Turismo Bulegoak 13.000 pertsona inguru artatu zituen 2024an. Bisitarien profil nagusia seme-alabak dituzten familiak eta bikoteak dira, 35-50 urte bitartekoak, eta 50 eta 65 urte bitartekoak. BAtez ere estatukoak dira; Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Bartzelona, Madrilgoak. Nazioartetik, berriz, Frantzia, USA, Herbehereak, Alemania. Nabarmentzekoa da Belgikako eta Herbehereetako turista atzerritarren kopuruak gora egin duela, batez ere 40 eta 60 urte bitartekoen artean.