Mendialdean tokiko elikadura bultzatzeko lanean ari da Cederna Garalur elkartea eta horri lotuta, pauso garrantzitsua eman dute Lekunberri Larraun Eguneko Zentroan. Erabiltzaileen beharrak eta tokiko ekoizleen eskaintza bateratu eta eguneko zentroko jantokiko menua egokitu dute; Mendialdeko ekoizleen produktuei lehentasuna emanez.
RuralNAV proiektuaren barnean, Cederna Garalur Elkarteak tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa indartzeko ekintzak gauzatuko ditu.
RuralNAV lankidetza-proiektuan Nafarroako tokiko lau ekintza-taldeek parte hartzen dute, eta Toki Administrazioaren Departamentuaren finantzaketa du, despopulazioari aurre egiteko borrokaren estrategiaren barnean.
Kanpoko bitartekaritza ere izan dute; Mirua Mikrooperatibak laguntza teknikoa eskaini du 2024ko apirila eta ekaina artean. Denen arten, elikadura osasungarri eta jasangarri baterako trantsizioa egiteko eman beharreko pausoak zehaztu eta eskaria eta tokiko eskaintza artikulatu dituzte. Proiektua ekainaren 24an jarri zuten martxan eta urtebeteko iraupena izanen du. Hala ere, denbora hori igaro ondoren martxan segitzea da asmoa.
Uztailaren 10ean egin zuten proiektuaren aurkezpena Lekunberri Larraun Eguneko Zentroan. Bertako erabiltzaileei eta haien familiei eman zizkieten azalpenak.
Proiektu pilotua lau helburu zehatzetan oinarritu da. Hasteko, Eguneko Zentroko erabiltzaileen elikadura beharrak zeintzuk diren zehaztu dute. Gero, tokiko lehen sektorearen eskaintza identifikatu dute. Eskaintza eta eskaria artikulatzea izan da hurrengo pausoa eta bukatzeko, menu osasungarri eta iraunkorrak sortu dituzte egunerokoan eskaintzeko.
Egoiliarren osasuna hobetu eta bestetik, nagusiki Mendialdean ekoiztutako elikagaiak erostea bultzatuko da.