Elikadura osasungarria eta gertukoa, despopulazioari aurre egiteko

RuralNAV proiektuaren barnean, Cederna Garalur Elkarteak Nafarroako Mendialdeko lurraldeetako elikadura-sistemak indartzearen aldeko hautua egin du, herritarrek elikadura osasungarria, eskuragarria eta gertukoa izan dezaten ahalbidetuz, eta, aldi berean, tokiko ekonomia eta merkataritza suspertuz.

Izan ere, Elkarteak lurraldeko elikadura-sistemak ildo estrategikotzat hartzen ditu, eta horren inguruan hiru programa koordinatzen ditu: “Jakiak ehuntzen” (Zangozako Merindadea), Bidasoa Elikadura eta Mendialdea Elikadura.

Lan-ildo horietan, Cederna Garalur Elkarteak tokiko nekazaritzako elikagaiak biltzeko eta banatzeko sare logistikoa babestuko du. Sarea Otsagabia, Burgi, Agoitz, Zangoza, Irunberri, Ezkaroze, Espartza eta Urraulera hedatzen da.

Horrez gain, Lekunberriko eta Larraungo eguneko zentroarekin eta Mirua enpresarekin koordinatuta, menu osasungarrien gida bat diseinatzen ari gara, adineko pertsonentzat.

Bestalde, Cederna Garalur Elkarteak bi heziketa-ziklo antolatu ditu. Lehena ekainean hasi zen, Lekunberrin, eta bigarrena udazkenean eginen da. Halaber, iraila eta urria bitartean abeltzaintza eta nekazaritza birsortzaileari buruzko bi ikastaro eginen dira Bidasoan.

Halaber, Cederna Garalur Elkarteak tokiko elikadura-sistemei buruzko jardunaldi bat koordinatuko du urrian, RuralNav proiektuan parte hartzen duten landa-eremuetako esperientziak eta proiektuak partekatzeko.

Azkenik, Cederna Garalur Elkarteak ekimen berritzaile bat bultzatu du frutak eta barazkiak landatzen dituzten lursailen ahalmena zenbatesteko, barietate berriak sartzeko eta tokiko elikagai-ekoizpena areagotzeko.

Proiektua Mendialdeko eta Bidasoako 12 lursail pilotutan garatzen ari da, eta bi ekintzek osatzen dute: lurzoruen ezaugarrien azterketa, NUPen laguntzarekin egina, eta bestetik, INTIAk eta SUSTRAIAKek emandako banakako aholkularitza, jabeak nekazaritza ekologikoan has daitezen.