Bueltan da Mendialdeko Azoka Ibiltaria

Ohi bezala, azokek beste jarduera tematiko batzuk izango dituzte, ekimen hau aberastu eta sendotuko dutenak. Aurten, ekimenaren 6. edizioa ospatzen da, eta oraingoan Beteluk emango dio hasiera edizio berri honi. Apirilaren 13an izango da, igandea, Beteluko plazan, goizeko 11:00etatik aurrera.

Mendialdeko Azoka Ibiltaria, 2020an sortu zenetik bere ibilbideari eta filosofiari leial, bere seigarren edizioari ekingo dio, helburu argiekin: tokiko baserritarren eta eskualdeko artisauen denboraldiko produktuak sustatu, ikusgarritasuna eman eta saltzea. Sustapen eta salmenta kanal zuzena izanik,
bertako produkturik onenak eskaintzeko aukera ematen du, modu iraunkor eta arduratsuan ekoitzitakoak, eta tokiko lehengaiak erabiltzea bereziki baloratzen du.

Horrez gain, kontsumo arduratsua eta ingurumenarekiko kontzientzia sustatzen ditu, eskualde hauen paisaia, ekonomia eta kulturarekin bat eginez. Azoka hauek bizia ematen dieten postuek kulturaren eta nekazaritza- abeltzaintzaren praktiken isla dira, bizimodu bat definitzen dute eta gaur egun gure esku dagoen lurralde baten erretratua marrazten dute. Bertan, produktu sorta anitz eta goxoa aurki daiteke: denboraldiko fruituak, gazta, eztia, taloa, hestebeteak, haragia, pateak, ogia, arrautzak, esnekiak, etab. Horiez gain, eskualdeko egur, zeramika, metal eta ehungintzako artisautza postuak ere izango dira.

2025erako, antolakuntzak urrats bat gehiago eman nahi du, azoka agroalimentario eta artisau postuak jarduera eta ekitaldiekin uztartuz, azoka erakargarriago bihurtzeko. Ekimen horiek publiko berriak erakarri eta bisitarien egonaldia luzatzeko helburua dute, erakusketak, tailerrak, erakustaldiak eta dastaketak eskainiz.

5 AZOKA ETA BESTE HORRENBESTE EKITALDI PARALELO
Ohiturak eta tradizioak, folkloreak, baserriak, paisaiak, abereek eta bertako produktuek osatzen dute ekitaldi hauen ardatza, bisitariei ondare kultural eta historiko aberatsa erakutsiz. Guztiek lotura zuzena dute bertako nekazaritza-abeltzaintza jarduerarekin eta, kasu batzuetan, Plazaola- Mendialdeako turismo elkartearen baliabideekin ere uztartzen dira. Sektore primarioaren eta turismoaren arteko lotura gero eta estuagoa da (ustiategietara bisitak, dastaketak, museoak eta interpretazio zentroak, merkataritza, etab.).

2025erako aurreikusitako 5 azokek beste hainbeste ekitaldi paralelo izango dituzte:

  • Apirilak 13, Betelu: MAI + Dantzarien eta tokiko musikarien emanaldia
  • Maiatzak 18, Gorriti (Larraun): MAI + Latxa arrazako aharien IV. enkantea
  • Ekainak 1, Goizueta: MAI + Emakume Artzainen Eguna
  • Irailak 14, Leitza: MAI + XVIII. Talo Eguna
  • Azaroak 3, Jauntsarats (Basaburua): MAI + Gaztain Egun

Zenbait kasutan, azoka aurrez finkatutako ekitaldiekin uztartuko da (adibidez, Leitzako XIX. Talo Eguna edo Larraungo Latxa Arrazako Ahari Enkantea), eta beste batzuetan, ekitaldi berri batzuen sorrera sustatuko da, hala nola Jauntsaratseko Gaztain Eguna.

Azoka guztiak igandeetan ospatuko dira, goizeko 11:00etatik 14:30etara.
Ekitaldiaren antolakuntzan Mendialdeako 10 udalerri parte hartzen dute (Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Imotz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri). Udalerri bakoitzak txandaka antolatuko du azoka, egutegi orekatuagoa izateko. Horrez gain, Cederna Garalur eta Plazaola Turismo Elkartearen koordinazio teknikoa dute, eta Mendialdeako baserritarren elkartea (HABELARTE), baita tokiko kontsumo taldeak ere (Araizko Zaporeak, LeitzEKO eta Bertatik Bertara Dinamika) proiektuaren parte dira.

Beste edizio batzuetan bezala, komunikazio eta zabalkunde lanak Plazaola Turismo Elkartearen ardura izango dira, Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritzaren laguntzarekin.