AMAZABAL INSTITUTUAREKIN ELKARLANA: Ekintzailetza, Ekonomia Soziala eta Negozioen erreleboa
Cederna Garalur eta Mimukaitik lau urte daramatzagu Amazabal Institutuarekin lankidetzan ekintzailetza kultura sustatzeko. Aurten lankidetza indartu dugu, eta DBH2 eta 1. batxilergoko ikasleekin hainbat saio egin ditugu, ekintzaileen esperientziak zuzenean partekatzeko eta ikasleek aurrez prestatu dituzten galderak egiteko aukera emateko.
POPP ikasleekin, Iñaki Zabaleta, Leitzako arotza, eta Jabier Saralegi, Araitzko abeltzaina, izan ditugu. Institutuan bertan egin dugun saio honetan, ikasleek enpresa txiki baten eguneroko lana eta erronkak lehen eskutik ezagutu dituzte. Ekonomiako ikasleekin, Itxaro Zabaleta nutrizionista eta Sara Crisostomo ostalariaren esperientziak partekatu ditugu.
Ekonomia Soziala eta negozioen erreleboa ere landu dira 1. Batxilergoko ikasleekin, Mimukain egindako goiz osoko saio batean. Kooperatibismoa eta burujabetzen ikuspegia landu dira, gure herrietako negozioen garrantziaz eta haien erreleboak dakarren erronkaz modu dinamikoan hausnartzeko.
Azkenik, ikasleek landutako aldizkariaren aurkezpenak entzuteko aukera izan dugu, Goizueta, Lekunberri eta Leitzako ekimenak ezagutuz. Saio hauek guretzat oso aberasgarriak izan dira, eta ikasleekin esperientziak partekatzea beti inspiragarria da.
Hurrengo ikasturteetarako Cederna Garalur eta Amazabal Institutuaren arteko lankidetza sendotzea eta egonkortzea dugu helburu, gure eskualdeko gazteekin lanketa aktiboa garatuz, eta beren sormena eta ekintzailetza gaitasunak lur emankorrean hazi daitezen sustatuz.
Honen berri emateko, Mendialdeko irrati ezberdinetan izan gara ere, hona hemen egindako elkarrizketen estekak:
- EsanErran irratia: https://amezti.eus/ultzama/1781602314087-ekintzailetza-eta-ekonomia-sozial-eraldatzailea-ikasleekin-lantzen
- Karrape irratia: https://erran.eus/leitzaldea/1781598602756-cederna-garalur-eta-mimukai-amazabal-institutuarekin-elkarlanean
- Aralar irratia: https://mailope.eus/mailope/1781699576850-mimukaiek-eta-amazabal-institutuak-elkarlanean-jarraitu-dute-aurten-ekintzailetza-lantzen

Ainhoa Oribe
Ekintzailetza
mendialdea@cederna.es
617 609 328

