Mendialdeko industrialdeen sustapena indartzen Sodenarekin elkarlanean

,

Mendialdeko industria sarearen etorkizuna indartzeko, Sodena (Nafarroako Garapen Sozietatea) eta Cederna Garalur elkartearen arteko lankidetza estua jarri zen martxan. Ekimen honen xede nagusia da eskualdeko lurzoru eta pabiloi industrialen informazioa eguneratu eta optimizatzea, informazio hori modu eraginkorrean helarazteko bai inbertitzaileei, baita jarduera ekonomikoa garatu nahi duten enpresei ere.

Lankidetza hau industria sustatzeko estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea da helburua eta horretarako azpimarratu nahi da funtsezkoa dela eskualdeak eskaintzen dituen aukera industrialak ezagutaraztea eta eskuragarri jartzea.

2024ko maiatzaren 3an, bi erakundeetako ordezkariek Ansoainen bilera estrategiko bat egin zuten. Bertan izan ziren Ibon Mimentza eta Andoni Mitxaus (Cederna Garalur) eta Iker Zaratiegi (Sodena). Saio horretan Indusland plataforma izan zen gai nagusietako bat, Nafarroako industria-lurzoruen eskaintza zentralizatzeko eta sustatzeko tresna digitala bait da.

Plataforma honen bidez, eskualdeetako industrialdeetan eskuragarri dauden partzelak, pabiloiak eta eraikin erabilgarriak bildu eta modu bateratuan erakutsi nahi dira. Horretarako, bileran adostu zen Mendialdeko eskaintza industriala sistematikoki txertatzea Induslanden, betiere informazio zehatza, eguneratua eta erabilgarria eskainiz.

Bilera horren ostean, Cederna Garalurrek industriguneetako informazio bilketa eta eguneratzea abiarazi zuen. Industriaguneetak azpiegituren egoerari buruzko informazioa jaso da, hala nola, egungo erabilera, lurzoru erabilgarria eta salmenta/alokairu baldintzak. Informazio guzti hori Indusland plataforman sartzen ari da dagoeneko.

Ekimen hau industria-sarearen ikusgarritasuna eta irisgarritasuna hobetzeaz gain, Mendialdea bezalako eskualde batean garapen ekonomiko jasangarria eta tokian tokikoa bultzatzeko tresna estrategikoa ere bada. Lurraldea enpresa txiki eta ertainentzat erakargarri bihurtzea, eta jarduera ekonomiko berriak bideratzeko oinarri sendoa eskaintzea dira helburu nagusietako batzuk.

Etorkizunean, Cederna Garalur eta beste erakunde publikoen arteko lankidetzak jarraipena izango du, industria-garapena eta inbertsio aukerak biderkatzeko, betiere lurraldearen identitatea eta jasangarritasuna kontuan hartuz.

https://investinnavarra.com/buscador-suelo-industrial/